Ahotsak

Antonio Sarasketa Errasti (1917-10-31 / 2013-06-21)

Gurasoak Eibarkoak izan arren, Gernikan jaio zen Antonio, aita bertako Astra lantegira lanera joana zelako. Denbora gutxi egin zuten bertan, Antoniok 2 urte zituela aita hil egin baitzen. Ama laugarren semearekin haurdun zegoen eta Eibarrera itzuli ziren. Antoniok 9 urte zituela ama ere hil egin zitzaien eta amamak hazi zituen gaur egun Urkizu kalea dagoen inguruan zegoen Errasti baserrian. Ibarkurutzeko eskolan ibili zen lehenbizi, baina eskola mordoa pasa zituen: Ibarkurutzetik Goardia Zibilen kuartela dagoen lekura pasa ziren; gero Jardinetako eskolara; handik Orbeako eskolara eta, azkenik, Isasiko fraideen bukatu zituen ikasketak. 14 urterekin Elgezua maisuarekin aprendiz moduan hasi zen. Elgezuaren lantegia itxi zenean, arotzerian ibili zen Martin Errastiren arotzerian. Gerra ostean, berriz, forjan lan egin zuen urte askoan eta azken urteak Alfa lantegian egin zituen. 14 urterekin EAJn afiliatu zen eta alderdi honi lotuta pasa du bizia. Gerra Zibila hasi zenean boluntario aurkeztu zen babeslekuak egiteko eta Urkizuko babeslekua egiteko lanetan ibili zen. Bide-bazterrak zaintzen ere ibili zen, goardia moduan, eta baita Eibarko lantegietako makinak kamioietan kargatu eta Zamudiora eramaten ere. Soldaduak Eibarrera iritsi baino lehen Bilbora alde egin zuen. Bertan Aralar batailoian izena eman zuen. Frankistek harrapatu ostean Castro Urdialesen egon zen preso. Jarrera onagatik libre utzi zuten, baina Francoren tropekin Espainian zehar bidali zuten orduan America 23 konpainiarekin. Betidanik izan da kirolzalea eta denetarik probatu du. Mutikotatik pilotan jokatzen zuen eta bere lehengusuarekin binakaka txapelketaren bat ere irabazi zuen. Erremontean ere aritzen ziren. Boxeoan ere ibilitakoa da, Frantziatik etorritako boxeo jokalari baten gidaritzapean. Baina ibilbide luzeena futbolean egin zuen. 1935ean hasi zen jokatzen "Unión Deportiva Eibarresa" taldean. Gerra garaian Castelloneko taldearekin ere izan zuen fitxa, nahiz eta partidurik ez jokatu, eta geroago, Iruñeara bidali zutenean, Chantrea taldean ere jokatu zuen. Ezkondu ostean Arrate taldeko entrenatzaile gisa hasi zen eta urte asko egin zituen lan horretan ere.

 

PasarteaIraupenaBideoaAudioaTranskripzioa