Hiztegixa bera zelakua dan: alderdi teknikuena

Liburuetako zitak

Berbaz berba kopixatzerakuan edo aittatzerakuan, hau kontuan hartzekua da:

  • T. Etxebarrianak beti hamendik ediziñotik hartutakuak dira: ETXEBARRIA, T.: Flexiones verbales y lexicón del euskera dialectal de Eibar. Juan San Martinen gehigarrixagaz (1998). Orduan, holan ipiñiko da: (TE, orrialdea).

  • R.M. Azkuenak beti hamendik: AZKUE, R. Mª de: Diccionario vasco - español - francés (1984).
  • I. Laspiurrenak beti hamendik: LASPIUR, I.: Eibarrera jatorraren bidetik (1999).

Hiztegixa bera: euskerazko alderdixan, zer eta zelan egin dogun

Era askotako informaziñua jasotzeko ahalegiña egin dogu, beste batzuk esandakuak jasotze aldera, nahi geu konturatutakuak aitzen emoteko. Batetik, normalian berbeta biko hiztegixetan egoten dan informaziñua dago: sarreria bera, kategorixa gramatikala, itzulpena, eta dana dalako konzeptuan, gauzian... definiziñua. Bestetik, berbian inguruko informaziñua batu dogu: itturrixa edo nundik hartu dogun, jatorrixa, aldaerak eta erabilleria. Horrez gaiñera, berbiak beste berba batzuekin daukan lotura semantikua be azaldu dogu batzuetan, sinonimuak, antonimuak, paronimuak... aintzat hartzerakuan. Berbekin egindako ejenpluak eta esakerak, lokuziñuak... aparteko aberastasuna dakarre. Banan-banan aittatuko dogu zati bakotxa:

2.1. Berba "sarreria" bera

  • Sarrera nagusitzat forma bakarra ipini da, maiuskulan. Horrek ez dau esan nahi berbian aldaeretan inportantiena danik, edo bestiak baiño hobeto daguanik. Argixago ikustiarren erabagi dogu holan egittia, eta gure ustez gehixen erabiltzen dana, edo batuko formatik hurren daguana jarri dogu buruan. Edozein modutan be, era osuenian idatzitta ipini dogu.
    Dudia euki dogu ia berba bakotxian SARRERAn bertan dana dalako berbian aldaerak be jarri bihar diran, ala ostiango informaziñuan artian juan biharko litzaken. * .
  • Sarrerak, normalian, mugagabian dagoz. Izeneri, adjetibueri eta antzerakueri deklinabide kasu markak kendu detseguz:
    "Euskal hiztegigintzan aspaldi honetan ohi denez, izenak eta izenondoak artikulu gabe ematen ditugu" (EUSKALTZAINDIA, 2000, 483).
  • Ortografixian inguruan, ez dira beteko beti ejenpluetan erabili doguzen kriterixuak (EIOEko erabagixak gehixenbat). Berba amaieretan ez dogu ipini palatalizaziñorik: "e(g)in, hil, goiz, noiz (...)", baiña berba barruan bai ("elixa, haixe (...)").
  • Morfologixa kontuak:
    • Erakuslien, izenordaiñen... sarrerak nominatibuan eta ergatibuan bakarrik ipini doguz. Dana dala, ejenpluak gorde egin doguz. Esaterako, TEn -A artikuluan informaziñuak ez dau bere sarrerarik eukiko, baiña ejenplua tokatzen jakon berbiaren barruan egongo da.
    • Balixo erakuslia dauken adberbixo kategorixako formak, sarrerak inesibuan (hamen, hor, han) eta adlatibuan (hona, horra, hara) dauke bakarrik. Inesibuan ablatibua eta leku-denborazko genitibua be ipini doguz; adlatibuan, hirurak batera.
    • Berbuak: partizipixua ipini dogu bakarrik, eta aditz izena albuan, mugagabian, parentesi artian. Aldaerak, bai partizipixuanak bai aditz izenanak, tokatzen jakuen lekuan. Esate baterako: "ATXURTU (ATXURTZE). Ald. atxurtutze".
  • Lexikoko kontu batzuk:
    • Berba berezixak, edo metalinguistikakuak: persona izenak, gatxizenak; leku izenak, herri izenak, basarri izenak; letra izenak..., euren sarreria dauke.
    • Perifrasi eta lokuziñuak:
      • Lexikalizautakuak behintzat, bakotxak bere sarreria dauka. Esate baterako: "NEGAR. Iz."; "NEGAR EGIÑ.. Ad.".
      • Erderaz pareko esanguria daukenak berba bakarrakin nahi perifrasisakin esaten dana, bakotxak bere sarreria dauka, kalko hutsa ez diranak izan ezik. Esate baterako, "MEZIA EMON: celebrar misa"k, sarreria dauka.
      • Lokuziñuak izen nagusi ezagunik ez daukanian, sarreria emon detsagu. Esaterako: ETA ABAR: "Orrua eta abarra badarabil behintzat bedorrek".
  • Berba alkartu eta eratorrixak euren sarreria dauke, ez dagoz beste buru baten barruan, esate baterako "jardunbide" bera bakarrik be sarreratik topau ahal izateko.
  • Forma eta erabillera gramatikalan barri, batzuetan bakarrik emon dogu sarreran bertan; ostiango esplikaziño zabalaguak emotekotan, Erab. zatixan sartu doguz. Ejenpluan agiri da zelako erabilleria eta formia hartzen daben, azken baten. Kasu baterako, berbuetan, "urten, irakin...." erakuetan, ze adizki hartzen daben, da (NOR), jako (NOR-I), dau (NOR-K), detsa (NOR-I-K) ipini dogu parentesi artian. Horrekin ez dogu nahi argibide taxonomiko abstrakturik emotia, "konkordanzia" kaso batzuk erakustia baiño, gehixenbat datibo markia noiz erabili. Ejenplurako: URTEN (URTETZE) (dau/detsa). Horrekin esan gura da "urten dau"n onduan "urten detsa" be erabiltzen dala. Beste ejenplu bat: AGIRI (IZAN) (da/jako/dau). Horrekin erakusten da "agiri da, agiri jako, agiri dau" erabiltzen dirala baiña ez "*agiri detsa".
  • Forma "batua, estandarra" be albuan ipini dogu, kortxete artian, minuskulan, aportaziñua izan leikelakuan [Itturri nagusixak HB, OEH, I. Sarasola (1995), ELHUYAR, izan dira.]. Pare-parekua topau dogunian ipini dogu. Edozelan be, "aportaziñua" ez da bardiña berba danetan. Esate baterako, ARTIAN adberbixuan onduan [artean] ipintzia ez dau emoten aportaziño haundixegixa danik; baiña akaso lagungarrixa izan leike ABIADA [abixada], ABOTS [ahots] ipintzia. Edozelan be, erderazko formak daguazenetik, ez da gatxa izango batuko formia ostian be topatzia.
  • Kasuistikia:
    • Berba homofonuak-homografuak, sarrera bana dauke. Esate baterako:
      1 HORI: Kat.: Erak.
      2 HORI: Kat.: Iz. / Adj.
    • Berba polisemikuak, kategorixa bateko esangura bakotxak sarrera bana dauke. Kategorixa bat baiño gehixago badauka be, sarrera bana. Esate baterako: "BERO (1) Iz. "calor". BERO (2) Adj. "caliente". BERO (3) Adj. "colérico, irascible".
    • Berba eratorrixak sarreran gorde doguz. Lista bat egin dogu atzizkixekin. Esaterako: GIZUR, GIZURTI, GIZURTEROk, danak dauke euren sarreria.
    • Berba bat kategorixa bat baiño gehixago moduan erabilitta, kategorixa bakotxak sarrera bana dauka. Esate baterako: "JAN" Ad. /"JAN(A)" Iz.

2.2.Kategorixia

  • Kategorixa gramatikalen laburdurak:
    • IZEN ARRUNTA: Iz.
    • PERSONA EDO PERSONAJE IZENA: P. Iz.
    • ABIZENA: Abiz.
    • GATXIZENA: Gatxiz.
    • LEKU IZENA: L. Iz.
    • BASARRI IZENA: B. Iz.
    • TOPONIMUA: Top.
    • LETRA IZENAK, METALINGUISTIKIA: Metaling.
    • IZENONDUA (ADJEKTIBUA): Adj.
    • ADITZONDUA (ADBERBIXUA): Adb.
    • POSTPOSIZIÑUA: Postpos.
    • ADITZA: Ad.
    • IZENORDAIÑA: Izord.
    • ERAKUSLIA, DETERMINATZAILLIA: Erak. determ.
    • ERAKUSLIA, IZENORDAIÑA: Erak. izord.
    • ZENBATZAILLIA: Zenb.
    • GALDETZAILLIA: Gald.
    • INTERJEKZIÑUA: Interj.
    • LOTURA SINTAKTIKUA EDO/ETA DISKURSIBUA (barruan hartzen dittu lokailluak, juntagailluak eta menderagailluak): Sint.
    • LOKUZIÑUA: Lok.
    • ONOMATOPEIA: Onomat.
    • ADIERAZKORRA, BERBA RARUA (gaur egunian behintzat): Adier.
  • Kategorixia noiz markau dogun:
"Gramatika kategoria aditz guztietan adierazi da, egungo euskal hiztegietan erabili ohi diren klase eta laburduren bidez; gainerako hitzetan, joskera arazoetan argigarria eta zehazgarria gerta zitekeenean soilik adierazi da" (EUSKALTZAINDIA, 2000, 483).


Gaiñera, TEk dakarrenian be, kategorixia zuzen markauta badauka, gorde egin dogu. Zuzendu egin bihar izan danian be, zuzendu egin dogu.

Berba homofonuak (homografuak) kategorixa batekuak baiño gehixagokuak badira be, kategorixia markau egin dogu.

Persona izenak, gatxizenak, abizenak, leku izenak, basarri izenak, interjekziñuak eta onomatopeiak [Onomatopeiak formato informatikuan topatzerakuan, onena izango zan kategorixaka billatzia, erderaz ipintzerakuan pixkat gatxa dalako bete-betian parekuakin asmatzia, ez dogulako lematizatzaillerik erabili.] beti markau dira.

Jeneralian, kategorixia ahal dan gehixenetan markau da, billatzerakuan be posibilidade gehixago emoteko. Edozelan be, berba eta perifrasi batzuen kategorixia anbiguedadian sartzen dira, eta baleike berba batzuk guk era batera hartu doguna besten batek bestera hartzia.

2.3. "Definiziñuak"

"Definiziñuak" edo antzerakuak, erderazko baliokidien ondorik jarri doguz. Erderazko definiziño gehixenak TEri hartutakuak dira (zitau egin dogunian behintzat); ostian, euskeraz emon doguz.

2.4. Ejenpluak

Ejenpluak, bat baiño gehixago daguanian, punto eta segi erabili dogu, tartian / barra bat daguala. TEn ejenpluak izan ezik, beste danak nundik edo zeiñi hartutakuak diran markau egin dogu; markau bako ejenpluak, ba, TEnak dira. Berba baterako autore baten baiño gehixagon ejenpluak daguazenian, danetan markau dogu itturrixa. Autore batek ejenplo bat baiño gehixago badauka berba baterako, ejenplo danen azkenian aitzen emon dogu. Esate baterako, "ESKATU (ESKATZE)"rako, honek jaso doguz: "Eskatu guran korapillua, haundixagua laga eban. / Ez da izango erreza korapillo ha eskatutzia. / Lotutzia baiño, eskatzia gatxagua. (TE). / Dana askatu bihar juat. (ETNO)". Lehelengo hiru ejenpluak, danak dira TEnak.

Ejenpluak idazterakuan, itturri, jatorri, erregistro... askotakuak diran ezkeriok, askatasun haundixaguakin jokatu dogu forma aldetik: batetik, TEn Lexikoiko ejenpluak dira gehixenak, baiña ahozko jardunetik hartutakuak be badira. Berba batzuk barrixak dira eta beste batzuk oin gaur egunian erabili be egitten ez diranak. Horregaittik antzerako formia emotiarren danak kriterixo bardiñakin tratau dira; azken fiñian, helburua berben kontestua emotia da, eta benetako formak ezagutzeko itturrixetara jo bihar da. Horrek bidia emoten dau ejenpluetan aldaerak be erabiltzeko, ez derrigorrian sarrera-buruko forma osotuak.

2.5.

Daguanian, euskerazko ejenpluan "itzulpena" normalian TEk egindakua da. Guk geuk ez dogu bape itzulpenik egiñ, harenak jaso baiño. Ejenplo bat baiño gehixago badago, ordena gorde dogu, barrak ipinitta.

2.6.

Berbian inguruko ostiango informaziño lexikala, semantikua, itturrixena...:
  • ITTURRIXA(K) = It. Normalian, berba bakotxa nundik hartu dan siglen bittartez ipini dogu (ikusi laburduretan egillien eta liburuen siglak), orrixa ipini barik, leitzeko astunegixa izan leikelakuan. Itturri bat baiño gehixago daguanian, danak aittatu doguz.
  • ALDAERAK = Ald. Gehixenak ahozko itturrikuak dira, baiña liburuetatik be jaso doguz. Guk jasotakuak ipini egin doguz, baiña horrek ez dau esan nahi erabiltzen diran aldaera danak hamen batuta daguazenik.
  • JATORRIXA EDO/ETA FORMA ETIMOLOGIKO OSUENA = Jat. (Esate baterako: keixa. Jat. kereixa).
  • ERABILLERIA = Erab. Hiru erabillera alderdi hartu dira goguan:
    • Zelan erabili, informaziño gramatikala. Hau aparteko berbetan bakarrik ipini da.
    • Zenbat erabiltzen dan. Gehixenbat lau gradu aitzen emon doguz:
      • Eibarren zeiñ erabiltzen dan gehixago; Eibarko forma normala.
      • Berbia galtzen daguala (galtzen; galduta).
      • Berba biñ artian zein gehixago (x, y baiño gehixago).
      • Eibarren erabiltzen dala, baiña beste herrixetan ez; eta alderantziz (Eibarren bai, inguruetan ez / inguruetan bai, Eibarren ez).
    • Zeiñek erabiltzen daben. Zer hartu dogun goguan: alderdi geografikua (auzuak); basarrixa-kalia; edadia; sexua.
  • Batzuetan hori informaziñuori iñori hartutakua da (TEnetik, ETNOtik...), eta beste batzuetan perzepziñoz egin dogu. Edozelan be, ez dira estudixo estadistikuak eta antzerakuak egiñ, eta ez da zihero autoridadetzat hartu bihar.
    • Dana dalako berbatik etaratako forma KONPUESTUAK, ERATORRIXAK edo PERIFRASISAK (Beste berba batzuetan) = Bes. Holakuetan, aldaera bakotxian errepikatu biharrian ("ontzako maillubi, ontzako maillabi, ontzako maubi"), sarrerako izenarekin bakarrik ipini doguz, bestelan alperrik larregi astunduko litzakelako. Edozelan be, ez doguz dan-danak aittatu, hori zeregiñori beste bihar baterako lain badalakuan.
    • ESAKERAK, LOKUZIÑUAK, KANTUAK... = Esak. Esakera, lokuziño... bakotxa numerauta ipini dogu, sarrera barik, bakotxak aldaerak eta abar euki leikezelako. Baiña esakera... bakotxan unidade nagusi bakotxak bai badau bere sarreria; esate baterako: "AMAn GONApetik URTEN bako UMIA (no salir del cascarón)", eta danen barruan ipini dogu esakeriori.
    • SINONIMUAK, PAREKO BERBAK = Sin. Sinonimotzat hartu doguz TEk berak dakarzenak, eta guk osterantzian topau doguzenak. Gehixenetan Eibarko bertako sinonimuak dira baiña batzuetan gaur Eibarko euskera jatorrian erabiltzen ez diranak be bai. Esate baterako, "AMATAU. Sin. itzali"; eta "itzali" Eibarkua ez dan ezkeriok, ez dau sarrerarik eukiko. Markautako sinonimo guztiak, Eibarren erabiltzen badira, bakotxak bere sarreria dauka. Dana dala, hau ez da sinonimuen hiztegi bat, eta ez dagoz dan-danak zihero landuta.
    • ANTONIMUAK, KONTRAKO BERBAK = Anton.
    • Antzerako berbak, baiña beste esangura batekuak: PARONIMUAK = Ik.
    • EJENPLUKO ostiantzeko berben formen, esanguren... eta abarren inguruan ARGITTU BIHARREKUAK, ediziño kritiko baten ipintzen diran aparteko kontuak = Ost.

    Erderazko baliokidiak

    Ahal danik eta berba eta baliokide gehixen ipintzeko ahalegiña egin da, erregistro askotakuak. Batzuetan berba bakarrak dira, beste batzuetan lokuziño eta perpausetara jo bihar izan dogu. Asko errepikatuta daguazen arren (euskerako berbak sinonimuak izatiarren), baliokidietan 33.981 sarrera dagoz danera, baiña errepikatzeke be 19.500dik gora berba, lokuziño eta abar diferente dagoz. Topau dogunian, Flora eta Faunako berbetarako izen zientifikua be jaso dogu, parentesi artian ipinitta. Izenak eta adjektibuak erderaz normalian maskulinuan eta femeninuan ipini doguz; esate baterako: "BERBALDUN: cotorro,-a. KALTEGARRI: dañino,-a". Eta normalian andrazkuen zeozer danian, femeninuan bakarrik ipini dogu; esaterako: "TXATXALA: alelada, boba, casquivana, estúpida ...".


    Ortografixa kontuak

    Ortografixia moldatzeko kriterixo nagusixak honek izan dira:

    • EIBARKO EUSKERA MINTEGIA: Eibarreraz idazteko oiñarrizko erizpidiak (1997) (EIOE)
    • Goiko liburutxuko 17. puntua ez da bete hiztegixa moldatzerakuan: edutezko genitiborako, TEk sistemaz -n kasu markia erabiltzen dau eta eguneroko berbeta jatorrian be holan egitten da. Hori kasu markiori beti-beti ejenpluan daguan ezkeriok, eziñezkua da inesiboko kasu markiakin nahastatzia. *

    Dana dala, beste gauza batzuk be aittatu bihar dira, beti be Eibarko erabillera jatorrari erreparauta:

    • 4.1. Konsonante frikari txistukari eta afrikarixak, euskera baturako normalizauta daguan moduan ipini dira normalian: " s / z /x", "ts / tz /tx", Eibarko fonemak bakarrik "s, x" eta "tz, tx" diran arren. Afrikarixa apikarixia ("ts") dauken berbak, Erabillerian barruan ipini dogu zelan esaten dan, "tz" ala "tx".
    • 4.2. Bokal arteko konsonantiekin zelan jokatu dogun: "-h-, -g-, -r-, -d-...". Esate baterako: "ma(ra)smia, ze(r/d)ena, ke(re)ixia, ata(r)ixa, a(r)apua"...:
      • 4.2.1. Silaba osua beti galtzen dabenian, hori silabiori kendu eta premiñia badago, gero aitzen emon forma osua. Esaterako: "Letz. Jat. legez".
      • 4.2.2. Bokal luziak erabiltzen diranian ("mats /maats", kasurako), forma osuena ipiniko da: mahats; aapo arapo; leen legen.
      • 4.2.3. Berbia dana dalako konsonante barik "lexikalizauta" dauanian, diptonguak sortuta esaterako, forma laburra ipiniko da: atari, atai /atei; argizari, argizai; eguraldi, egualdi; keixpe, bialdu, euki, aitxu, aitzen emon, ganau, aiña, aiskidatu, beitxu, zartaiñ....
      • 4.2.4. Bokal arteko konsonantia galtzia batzuetan bai eta bestetan ez pasatzen bada, sarreran osorik ipini, eta aldaeretan parentesi artian. Normalian, leherkari belare ahostuna izaten da, "g". Esaterako: "na(g)usi, u(g)ezaba, e(g)in, be(g)iratu, a(g)indu, eza(g)utu...".
      • 4.2.5. Kontrakua pasatzen danian, "bihar" ez dan konsonantia sartutakuan zer egin?: "egun, igez, igesi egin, zegozer, legun, negurri, ago, zugaitz": HB-ko formak gorde doguz sarrerarako, eta bestiak Aldaeren artian laga doguz. Esate baterako: Ehun. Ald. egun. "Egun errialekua galdu jakola diño Pellok, kaletik etxerakuan".
    • 4.3. "H" letria, batuan daukan gehixenetan ipini dogu, Eibarren bokal luziakin esaten danian ("mahats"), bakarrakin esaten danian ("txahal, lehen, kehe, mehe, zehe, mahai..."), adornurako danian be bai ("gehixago, hil"), eta baitta "trabarako" danian be ("zihatz /zihetz, mihetz") * .
    • 4.4. Alternanzia fonetikuak:
      • 4.4.1. Bokal eta diptonguenak:
        • Berba barruan danian: "edar/eder; potzo/pozo//potzu/pozu". Bat sarrerarako laga dogu, eta bestia(k) aldaeretarako.
        • Berba amaieran (-e/-a, -o/-u, -ai/-ei...) danian, sarreran sartu doguz forma bixak: "hoda /hode; sagu /sago" esate baterako.
      • 4.4.2. Konsonantienak. Konsonantienak eta bokalenak. Holakuetan, bat sarreran laga dogu eta beste danak aldaeren artian. Esaterako:
        • "p/f" berba barruan: "lapiau/lafiau".
        • "p/b/m, d/r, g/k, d/t, l/r": "tejabana /tejamana, bakillau /bakallau /makillau; sabai/sapai"; "gorputz /korputz"; "alkondara /arkondara" eta abar.
        • "ll/ld/ldd, ñ//nd/ndd": "billur /bildur /bilddur, billotx /bildotx /bilddotx"; "txiñurri /txindurri /txinddurri, brindoi /briñoi /brinddoi; zenbat /zemat" eta abar. Zer egin dogun honekin:: HB-tik hurren daguan formia sarreran laga dogu, baiña beti Eibarko erabilleriari be erreparauta. Esate baterako, "trunboi / trumoi" trumoi sarrerarako eta bestia aldaeretan.
    • 4.5. Sabaikarizaziñuak gorde, eta idatzi egin doguz, EIOE-n diñuan moduan. Frikari txistukarixetan be bai: esate baterako, "haixe, elixa". Sarreretan, ostera, ez da bete EIOE-n palatalizaziñuan gaiñian esaten dana berba amaieretan. Ejenpluetan bai barriz. Esate baterako:
      • 4.5.1. Konsonante palatalen aurrian normalian -i- eskribidu dogu, palatalizaziño osua egon arren be * , HB-ko jokerak gordeta. Berba batzuetan salbuespena egin dogu, palatalizaziño osua erakutsixaz: "-kotx (bakotx, hirukotx...), apatx, hatx, motxaille/motxailla, patxar, atxekixa, jatxi (HB-n "jaitsi"), atxur, gatx ("difícil" esanguriakin; baiña "gaitx" "gaitz; enfermedad" esanguriakin)), zurkatx, antxiña" eta abar. Erderatik hartutako berba batzuetan be ez dogu "-i-" ipini: "abellana, kañoi", esaterako.
      • 4.5.2. Leherkari ("tt") ala afrikari ("tx") sabaikarixan artian, normalian "tt" erabili dogu, bai sarreretan bai aldaeretan * . Orduan, goguan euki bihar da "tt"-kin ipini doguzen berba danak, esateko moduz, beste aldaera bat daukela ahozko jardunian, "tx"-duna, gaur egunian Eibarren nagusi.
    • "HIL. "Matar". ''Laguna hill eban''".
    • 4.6. Alkartutako berbak zelan eskribidu diran:
      • Normalian, Euskaltzaindiak esandakuak bete dira. Baiña sarrittan gatxa izan da sarrerako elementua(k) berba bakar bat ala sintagma nominal bat dan erabagitzia. Lexikalizaziñua (alderdi semantikua eta fonetikua aintzat hartu dogu hori jorratzerakuan) zenbateraiñokua dan, dana lotuta, ala gioiakin, ala aparte idatzi dogu. Halan da be, "izen + adjetibo" alkarketetan, esate baterako, parekua topau dogunian, OEH-ko bidiari men egin detsagu eta aparte eskribidu dogu esanguratzat konzepto bakarra daben berbia: TXAKUR HAUNDI [txakur handi]: perra, perra gorda" esate baterako, nahiz eta esan, [txakurráundi] esaten dan, azento bakarrakin (ez da ba, sintagma nominal bat, izen bakarra baiño: lexikalizauta dago). Beste batzuetan, dana batera ipini dogu; esaterako, "BEDARRONDO: heno". Noiz edo noiz, lexikalizaziñua ziherokua ez dala uste izan dogunian, edo dana alkartuta fonetikamente-grafikamente txokantia emoten dabenian, gioia ipini dogu ( - ), "BEGI-OKER [betoker]: bizco, estrábico, estrabón, torvo"-n kasuan esate baterako.

    Berba bakotxan eskemia, fitxia

    Ez dago guk moldatu dogun eskemako atal guzti-guztietarako informaziñua daukan berbarik, batzuk aberatsaguak dira, konplikaziño gehixagokuak, eta beste batzuek baliokidia dauke bakarrik. Tartian, danetik dago.

     

    ESKEMIA:

     

     

    SARRERIA (forma eta erabillerian barri). [NORMALIZAUTAKO BERBIA] KATEGORIXIA. IZEN ZIENTIFIKUA - BALIOKIDIA(K) (pareko erderazko berbak). DEFINIZIÑUA ERDERAZ + DEF. EUSKERAZ.
    EJENPLUA(K).
    EJ. ERDERAZ
    IT. ---. ALD. --, --, --. JAT. --. ERAB. -- -- --. SIN. --, --. ANTON. --, --. BES. --, --. IK. --, --. OST. --.
    1. ESAKERAK... BALIOKIDIA(K). --. EUSKERAKO ESPLIKAZIÑUA. IT. --. ALD. --, --. JAT. --. ERAB. --. SIN. --. ANTON. --. IK. --.
    2. ESAK. BALIOK. --. EUSK. ESPLIK. IT. --. ALD. --, --. JAT. --. ERAB. --. SIN. --. ANT. --. IK. --.
    3. ESAK. BALIOK. --. EUSK. ESPLIK-. IT. --. ALD. --, --. JAT. --. ERAB. --. SIN. --. ANT. --. IK. --.
    (...)

     

     

    EJENPLURAKO:

     

    EUKI (EUKITZE) [eduki] Ad. Poseer, tener. Sintetikua da. Ezertarako be ez dauka adolerik. / Gura neban danak agurtzia, baiña ez neban euki denborarik. No tiene aliño para nada. / Querí­a despedirme de todos, pero no tuve tiempo. It. TE, EEE. Erab. gerokua "euko" egitten da gehixenetan, gaztenak "eukiko" be esaten daben arren (baitta TEk berak be). 1. Ojo eukixok horri!. "Frase festiva con que se recomienda a un pí­caro" (TE, 587). Ojo eukixok horri, Anton! 2. Miña geldi(rik) eukitzeko ez izan (EEE). "No tener pelos en la lengua; no cortarse un pelo". Andria ez zan mutua; baiña gizonak be mingaiña ez eban geldirik eukitzeko (EEE).

    Dana dala, sarrittan dudiakin geratu gara berbaren bat, edo perifrasiren bat... zer ete dan justo, ala ze forma daukan, ala Eibarko berbia ete dan, eta abar. Horrek dudok euki izan doguzenian, (Â) markia sartu detsagu onduan, ipinittakua ez dala zihero segurua aitzen emoteko. Horrek, edozein zatirako balio dau.

    Hiztegixa egitteko emon doguzen pausuak

    Hasierako ideia Toribio Etxebarrian Lexikoia "on line" jartzia izan zan eta Eibarko Euskera Mintegixan sortu zan, hain zuzen be, herriko berbetian oiñarrixa edozeiñendako eskuragarri egon deiñ eta herriko berbetia zabaltzeko euskarri barrixak be egon deittezen. Hori Euskera eta Kultura batzordera eruan zan eta onartu. Hortik aurrerakua, proiektua bideratzeko hartu-emonak, gestiñua egittia eta koordinaziño orokorra, Fernando Muniozgurenen zeregina izan da.

    Esan biharra daukagu proiektuan, hasieratik amaierara, alderdi informatikua espezialisten esku egon dala, bai Eibarko Udaleko teknikuak lagunduta, bai kanpokuak eginda. Biharran lehelengo fasian, Lexikoia UZEI-n digitalizatu eben. Bigarren eginkizunian, EHU-ko Informatikako fakultadian Acces datu-basian sartu eben, A. Ortuzar ikasliak, X. Artola irakaslian gidaritzapian, horretarako biharra eginda, eta ediziñorako kontestu eta aplikaziño informatikua martxan ipini eben. Windows sistema eragileko Microsoft ACCESS, WORD eta EXCEL programak erabili dira informaziño guztia prozesatzerakuan: pruebak, aldaketak, berba barrixak sartzen juatia...

    Hurrengo pausua, Lexikoia dokumentu informatiko moduan eguanian, 12 zati egin eta hainbat laguni banatzia izan zan, Toribio Etxebarrian lana orraztu eta gaur egungo moldietara egokitzeko. Zeregin horretan jardundakuak, hónek: Pedro Laka, Leire Narbaiza, Leire Zenarruzabeitia, Aintzane Agirrebeña, Roberto Larreategi, Jesus Mari Gisasola, Juan Andres Argoitia, Serafin Basauri, Asier Sarasua, Elisabet Kruzeta eta Egoitz Unamuno.

    Gero, Nerea Areta filologian esku geratu zan Lexikoiko berbak eta beste batzuk moldatzia. Bibliografixia konsultauaz eta TEn Lexikoia bera ezagutuaz bat, biharran planifikaziñua egin zan hasiera-hasieratik, alderdi formalak lehelengotik ondo asentatzeko. Bakarka barik, moldatzailliak lantzian-lantzian batzarrak egin dittu beste batzuekin: kontu teoriko eta teknikuak argitze aldera Elisabet Kruzetakin (OEH-ko lan taldekua), Leire Zenarruzabeitiakin (UZEI-ko lan taldekua), Asier Sarasua eta Itziar Alberdikin (Eibarko Udaleko Eibartarren Ahotan proiektukuak). OEH-kuak prest egon dira bai euren biharreko sistemia erakusteko, bai dudei erantzuteko be.

    Bibliografixia derrigorrezkua izan bada be, biharra egitterakuan duda mordua sortu dira. Batzuk beste hiztegi, enziklopedia eta antzerakuetan begiratuta argittu dira. Beste batzuk artxibuan argittu doguz, bai T. Etxebarrian fondua konsultatzen, (Lexikoian makiñako kopixia geure esku euki dogu biharraldi osuan) eta bai artxiberiak (Yolanda Ruizek) zuzenian lagunduta. Dudak argitze aldera, aldizka, batzarrak hónekin egin dira: Fernando Muniozguren, Serafin Basauri, Juan Andres Argoitia, Asier Sarasua eta Itziar Alberdi. Dudak argitzeko ostiango konsulta asko egin dira, bai telefonotik inguruko herrixetako Udaletara deittuta (Elgeta, Ermua, Mallabia, Markiña, Elgoibar...), bai etxekuei galdetuta, forma eta erabillera jatorren billa, bai e-mail bittartez (Jesus Mari Makazagari, Antxon Narbaizari, OEH-ra...). Eibarko Udaleko itzultzailliak be (Begoña Azpirik), sarri lagundu desku.

    Erdera - euskera indizia

    Hasieratik aitzen emon bihar da honen hiztegixonen oiñarrixa EUSKERA - ERDERA alderdixa dala, eta erderazko berbak, euskerazko partian agiri dirazenak dirala. Horrek esan gura dau, hamen ez daguazela erderaz sarri erabiltzen diran berba asko eta asko, ahal danik eta berba gehixen ipintzeko ahalegiña egin dogun arren.