Afariketan egitasmoa Eibarko Udalak Astixa enpresaren bitartez kudeatzen duen aisialdi programa da. Aurten 212 umek eman dute izena eta 19 taldetan banatuta jardungo dute astean bi egunetan.
Lehen Hezkuntzako umeak urriaren 17an hasiko dira eta Haur Hezkuntzakoak urriaren 24an.
Egitasmo honen bitartez, umeen sozializazioa eta garapen orekatua bilatzeaz gain, Eibarko familiei euren umeek aisialdian euskara erabiltzeko jolas giroko esparrua eskaini nahi zaie. Denok dakigu zein garrantzitsua den gure umeen euskalduntze osorako eskolaz kanpo ere euskaraz jarduteko aukerak ematea.
Horregatik, Euskara Familian/ Familia Euskaran kanpainatik azpimarratu den bezala, familiatik ere geure umeak euskara erabiltzeko aukerak aprobetxatzera animatu behar ditugu. Modu erraz eta gozagarrian egingo dute Afariketan egitasmoan.