Badihardugu Euskara Elkarteak Udalaren laguntzarekin eta Schindler (www.schindler.es/esp-index) enpresaren babesarekin, ikasturte honetarako martxan jarri du Ahotsak.com ikastetxeetan egitasmoa. Egitasmo horren bitartez Eibarko ahozko ondarea ikastetxeen esku jarri da. Horretarako www.ahotsak.com web gunean atal berezi bat zabaldu da. Bertan ikastetxeek lantzen duten kurrikulumarekin lotura duten eibartarren pasarteak jaso dira.
Egitasmo honetan parte hartzen dihardute San Andres, Aldatze eta Juan Antonio Mogel ikastetxeek.
Egitasmoaren helburua Eibarko jende nagusiari grabaketak egin eta herriko ume eta gazteei antzinako bizimoduaren berri ematea da, aldi berean hainbat gai landuz: herriko historia, memoria historikoa, aspaldiko ohiturak eta bizimodua, bizikidetza, Eibarko euskara, belaunaldien arteko transmisioa, ahozkotasuna, oroimenaren garrantzia...
Badihardugu Euskara Elkarteak orain dela 10 urte jarri zuen martxan Euskal Herriko Ahotsak proiektua. Guztira 230 herritako 4.000 hiztun inguru grabatu dira. Horien artean ia 100 eibartarren testigantzak daude 529 grabaziotan. 417 bideo-pasarte web gune honetan bertan ikus daitezke, orri nagusian, Ahotsak atalean.