AHOTSAK.COM EIBARKO IKASTETXEETAN

Ahotsak.com hezkuntzan egitasmoaren barruan Eibarko 3 ikastetxek aukera izan dute, bai Haur Hezkuntzan, bai Lehen Hezkuntzan Ahotsak.com elkarteak bildutako materiala ikasgeletan erabili ahal izateko.

Egitasmoa 2011-2012 ikasturtean jarri da martxan Eibarko Juan Antonio Mogel ikastetxean, San Andres ikastetxean eta Aldatzen. Ikastetxe horietarako bereziki elkarteak Eibarren egindako bideo eta audio grabazioen hautaketa bat egin du.

Ikastetxeek grabazioak material osagarri gisa erabili dituzte euren geletan.

Haur Hezkuntzan gehienbat jolasak eta kantak erabili dituzte, eta Lehen Hezkuntzan ikasgelan landu dituzten ohiko gaiekin lotura dutenak.

Egitasmo honen bitartez Eibarko hizkeraren eta herriko ohituren eta bertako historiaren zabalkundea egin nahi da gaztetxoenen artean.

Ahotsak egitasmoaren helbururik behinena ahozko ondarea bildu eta eskuragarri jartzea da, gero nahi duenak eskura izan dezan. Hasieratik pentsatu da jasotako materiala oso erabilgarria eta aberasgarria izan daitekeela ikastetxeentzat ere.

Datorren ikasturtean ere aurrera egiteko asmoa azaldu dute 3 ikastetxeek. 

Ahotsak.com elkartetik egitasmoa DBHra eta Batxilergora zabaltzeko asmoa azaldu dute.

Egitasmo honek Schdlinder enpresaren babesa izan du.