Atzo emandako egoeretan erabil daitezkeen atsotitzak:
1. Gauzak beranduegi egiten direnean, sasoia pasatuta.
Ura joanda gero, presa egin / Usoak joan, sareak heda / Erbia pasatu eta lazoa paratu
2. Denerako erantzuna daukanean norbaitek; beti aitzakia prest.
Ate aiña maratila / Aterik aña maratilla eta bat sobra /Lapikorik aña estalki dauz horrek
3. Aurrekoaren jarrera eta portaera azaltzen duenean ondorengoak. Seme-alabak gurasoak bezalakoak direnean. Onerako zein txarrerako izan daiteke.
Nolako egurra, halako ezpala / Ahuntzaren umea, antxumea / Zotzetik da ziria
4. Norbaiten ezbeharra aprobetxatzen denean etekina ateratzeko.
Zuhaitz eroriari, orok egur / Haritz eroriari, orok egur
5. Norbait motiborik gabe kexatzen denean, ezbehar txiki baten aurrean kexaka eta kexaka aritzen denean.
Bost xentimoko pupua eta hamar xentimoko trapua / Txakur aundi baten pupua ta errial biren trapua
6. Norbaitek interesen arabera iritzia aldatzen duenean, interesen arabera mugitzen denean.
Eguzkia nora, zapiak hara
7. Zerbait daukagunean disfrutatu, eta ez daukagunean konformatu. Daukatenean xahutzen dutenek, ez daukatenean egon egin behar.
Dagoenean bonbon, ez dagoenean egon
8. Besteen gaitzak edo akatsak erraz ikusten ditugunean, geureak onartu barik.
Zozoak beleari, ipurbeltz / Astoak mandoari belarri handi